1997.06.02. Euskal Herrrian 1997ko maiatzaren 26 eta ekainaren 1 bitarteko astean gertatutakoaren azterketa.
EUSKAL HERRIAN ESPAINIAR POLIZIAK ETA GUARDIA ZIBILAK EUSKALDUNAK TORTURATU EGITEN DITUZTELA SALATU DUTE MAIATZEKO PLAZAKO AMEK.
"Ez da bakerik izango torturatzaileak eta hiltzaileak zigorrik gabe gelditu eta unean uneko agintarien babesa duten artean".
Maiatzeko Plazako amak dira. Gizateriaren kontzientzia bizia kapitalaren
zerbitzutara dauden lekaio uniformatuen basakeriaren eta krimenen
aurka. Zorigaiztoko Escuela de las Américas delakoan Estatu
Batuetako adituek torturan trebatu zituzten lekaiook, II Mundu
Gerra amaitzean Estatu Batuetako Armadak libratutako torturatzaile
nazien gidaliburuak jarraiki. Beren seme-alaben ausentziak urratutako
amak, beren seme-alabengandik berriz ere jaioak salatzaile menperaezin
gisa, boteretsuen gehiegikerien aurkako iraultzaile nekaezin gisa.
Erromatik zetozen, mundu osoan ezagun diren zapiez estalita zutela
burua. Italiako Epaitegien aurrean Eliza Katolikoko Kardinal bat
torturetan gaizkide izateaz salatzetik zetozen, Joan Paulo II.aren
ordezko Aita Santu izango omen den Pio Laghi, Egoitza Santuak
Argentinan duen Nuntzioa hain zuzen ere. Salaketa hori Joan Paulo
II.aren idazkaritza pribatuaren aurrean aurkeztetik zetozen. Pio
Laghi "azken diktadura militarrak (1973-1976) egindako krimenetan
eta giza eskubideen zapalketan laguntza aktiboa eman izana"
leporatzetik zetozen. Epailearen aurrean egindako salaketan nabarmendu
zutenez "diktadura militarrarekin lankidetza aktiboa izan
zuela
eta ezkutuko atxilotze-guneetan ikusi zutela"
adierazi zuten Laghiren aurkako lekukoek. "Presoak bizirik
utzi ala ez galdetzen zioten eta haiek garbitzeko era kristau
eta errukiorrari buruzko aholkua eskatzen zioten". Amek Erroman
esan zuten "Pio Laghik era errukiorraren gaineko erabakia
hartu zuenean, gure sema-alabak hegazkinetatik bizirik botatzeari
ekin zioten". Eta "haurdun zeuden presoak zirela eta,
zaindariek torturatu ala bortxatu artean zeukaten zalantza erabakitzen
lagundu zien. Emakumeek beraiek erabakitzeko aholkatu zuen Pio
Laghik, ondorioz aurrena torturatu, eta gehiago ezin zutenean
bortxatu egiten zituzten".
Entzutegi Nazionaleko 5. Epaitegian Argentinako diktadura bitartean
desagertutako espainiar herritarrei buruzko agiriak ematera joan
ziren Madrilera, Espainiako Erresumako hiriburura. "Desagertutakoen
izenak ezezik, desagertarazi zituztenenak eta nola egin zuten"
azaltzen da agiriotan".
Erroma eta Madrildik zetozen eta Euskal Herrira heldu ziren. Hebe
de Bonafini erakundeko presidentea eta Marta Badillo buru ere
badena etorri ziren Tafallara, bertan herriko hainbat elkarte,
sindikatu eta taldek herri-omenaldia egin zietelarik. Beren azken
liburua aurkeztu zuten halaber; protagonista izan ezezik idatzi
ere egin duten liburu honetan beren historiaren azken 20 urteak
biltzen dituzte eta Txalapartak eman du argitara Ni un paso atrás
izenez. Bilbon ere omenaldi-kantaldia izan zuten euskal musikari
(Anje Duhalde, Gari, Amaia Zubiria, adb.), bertsolari (Lujanbio
adb.) eta aktoreek (Rubén Ardiles adb.) eskainita. Euskal
Herriko hiriburu historikora ere, Iruñera, etorri ziren.
Eta bertan Buenos Airesko Presidente-Jauregiaren aurrean ostegunero
egiten duten enkartelada mugikorra errepikatu zuten, Nafarroako
Jauregi aurreko konzentraziora oinez etorriz. SENIDEAKekin, ETAko
presoen senitartekoen elkartea, eta GURASOAKekin, atxilotutako
gazteen gurasoen elkartea, bildu ziren. "Hiltzaile eta torturatzaileek
ezin dute zigorrik gabe gelditu" lelopeko kartelak zeramatzatela,
Iruñeko kaleetan zehar Gobernuaren Nafarroako Ordezkaritzaraino
egin zen enkartelada mugikorreko protagonista izan ziren.
Gobernuaren Ordezkaritza horretako eta Nafarroako Parlamentuko
Erregistroan salaketa-gutun bana utzi zituzten, Iruñean
1997ko maiatzaren 29an datatuak eta beraiek izenpetuta, Miguel
Sanzi, Nafarroako Gobernuko presidentea, eta Francisco Javier
Ansuategiri, espainiar Gobernuaren Ordezkaria Nafarroan, zuzenduak.
Ondokoa diote gutunotan: "Zuengana jotzen dugu Maiatzeko
Plazako Amek, Poliziak eta Guardia Zibilak atxilotu, jazarri eta
torturatutako gazteen senideediko gure elkartasuna adieraztearren
GURASOAK eta SENIDEAK erakundeek biktimen alde diharduten borroka
bultzatzen dugu
Gobernuak berehala esku hartzeko exijitzen
dugu, jazarpena eta tortura bertan behera gera daitezen
Maiatzeko Plazako Amek salaketa hau nazioarteko erakunde guztietara
eramango dugu, bereziki Europako Parlamentuko eta Nazio Batuetako
Giza Eskubideen batzordeetara. Gure hitza baztertuen, babesik
gabekoen, eta Estatuaren Terrorismoaren biktimen ahotsa da. Ez
da bakerik izango torturatzaileak eta hiltzaileak zigorrik gabe
gelditu eta unean uneko agintarien babesa duten artean. Honenbestez,
zuen erantzuna Maiatzeko Plazako Amen Elkartera berehala bidal
dezazuen zain geratzen gatzaizkizue".
Maiatzeko Plazako Amen salaketa nabarmendu dut mundu osoan ezagun
den ahotsa delako, baina esan beharra dago, Estatu espainiarrak
eta frantsesak Euskal Herriaren aurka darabilten zapalkuntzaren
salaketa eta froga adibidez betea egon dela aste osoa Euskal Herrian.
SENIDEAK elkarteko ETAko presoen senitartekoak Donostiako Justizia
Jauregi aurrean kokatu ziren astelehenean, hilak 26, "Hiru
mila salaketa alferrik. Hau al da justizia?" zioen pankarta
batekin, Donostiako Probintzi Entzutegi horretako presidentearekin
bildu nahian, euskal presoek jasaten duten legez kanpoko sakabanaketaren
aurka astero salaketak jarri dituztela (3.000tik gora jada) eta
"erantzun egokirik" jaso ez dutela protesta egiteko.
Ertzaintzak sarrera eragotzi zietela eta salaketen ehundaka kopia
bota zituzten lurrera sarreran.
Astertean, hilak 27, ETAren aurkako epaiketa egiten ari den Parisko
Epaitegi Korrekzionalean, Fréderic Haranburuk -bere izenean
eta Jakes Esnalenean, biak "frantsesak legez"- "euskal
abertzaleak" zirela aldarrikatu eta "Frantziak Euskal
Herriaren izaera ukatu eta maila guztietatik zapaltzen duela"
salatu zuen. Halaber "Ipar Euskal Herriko militanteok gure
hizkuntzaren eta antolaketa soziopolitikoaren garapena eta ofizializazioa
gauzatzeko aukera emango digun lurralde, lege eta administrazio
esparrua eskatzen dugu". Azkenik, tortura "Espainian
ohizko iharduera dela" jakinarazi zuen, Unai Parot, Zabala
eta Elejalderen kasuak aipatuz.
Elejalde kasua dela eta, Espainiako Barne Ministroak Espainiako
Parlamentuari gezurra esan zion frogen berri izan genuen asteartean,
hilak 27, izan ere, martxoaren 17an Diputatuen Kongresuko Justizia
eta Barneko Batzordean Fernando Tapia Elejalde ETAko kidea torturatu
zutela ukatu baitzuen. Maiatzaren 19an bertan Iñaki Esnaola
abokatuak bere semeak eta berak etxeko balkoitik atxiloketa ikusi
zutela eta ez zela borrokarik egon (eta ez zuela autorik jo),
Ministroak Elejalde ospitalera eramanarazi zuten lesioen argigarri
erabili zuena hain justu, berretsi zuen instrukzio-epailearen
aurrean. Egun batzuk beranduago, atxiloketa ikusi zuen beste lekuko
batek ez zela borrokarik izan adierazi zuen, eta andre batek argazkiak
egin zituela eta poliziak bazekiela nor zen. Hilaren 27ko astearte
horretan hain zuzen, bi ertzainek argazkiak eskatu eta 11 diapositiba
eman zizkiela jakinarazi zuen andre horrek epailearen aurrean.
Torturaren Aurkako Elkarteak COPE irratiari "Poliziaren bozeramaile
batek" gertakarien goizean esandakoen irrati grabazioa sumarioan
jasotzeko eskatu zion epaileari astearte horretan bertan. "Fernando
Elejaldek amore eman zuela eta arma borrokarik gabe eman zuela"
esan zuen polizia horrek.
Maiatzaren 27ko astearte horretan Justo Aristrain Gorosabel doktoreak,
Gipuzkoako Ospitaleko Traumatologia saileko buru klinikoak, idatzitako
txostena aurkeztu zuten Entzutegi Nazionalean eta bertan baztertu
egiten du Elejaldek zuen gerriko zehar apofisiaren haustura auto
batek harrapatzean edota atxilotu bitarteko balizko borrokak eragin
ziezaizkiokeenik. Labur esanda, Elejalderen lesioak "komisaldegian
zegoen bitartean gertatu zirela".
Garrantzi handia du txosten horrek, Ministroak gezurra esan zuela
frogatzen baitu, baina latzena Elejaldek espainiar Poliziaren
Komisaldegian igarotako orduei buruz esandakoak hitzez hitz jasotzen
dituen zatia da: "Komisaldegira iritsi eta korridore batean
barrena joan naiz, uniformez jantzitako poliziak daude alde bietan
eta jo egiten ninduten pasa ahala
Bulego batean sartu eta
belauniko jarri naute hormari begira. Lepoa bi aldeetatik estutzen
zidaten hatzekin, konortea galtzen nuela iruditzen zitzaidalarik.
Iletik heldu eta aurpegi hormaren kontra kolpatzen didate, kopetatik
behera odola zeridala-eta horma -kolore zutikoa- zikinduz. Eskuak
zabalik jotzen hasi zaizkit buruan, aurpegian eta lepoan. Eskuak
lotuta dauzkat, atxilotu nautenean jarritako soka berberaz. Iletik
tira egiten zidaten. Denboraren nozioa galdu dut eta aulki batean
eserita zegoen polizia baten ezkerreko belaun gainean bizkarrez
eta buruz gora etzanda nengoela gogoratzen naiz. Etengabe jo naute
eta ezker besoaz kolpeak geldiarazten saiatzen nintzen, altxatzen
ahalegintzen nintzen batera. Odola neukan aurpegian eta halako
batean odola kendu didate ahotik, ile pila batekin batera. Ezkerreko
belarritik ere odoletan nengoen eta ziztadak igartzen hasi nintzen.
Min handia neukan ezkerreko giltzurrunaren inguruan. Komun batera
eraman eta aurpegia garbitzeko esan zidaten".
Jarraian Sorospen Etxerako bidaiaren berri ematen du Elejaldek,
10,20etan, atxilotu eta bi ordu pasatxo igarotakoan eraman zuten
hara: "Hartu nauen medikuak gerritik gora eranzteko agindu
dit. Eskubiko belarrian eta ezkerreko giltzurrunean min handia
dudala esan diot, belarrian ziztadak igartzen ditudala etengabe.
Tresna batekin begiratu eta tinpanoa hautsita daukadala esan dit.
Ezkerreko giltzurruna ukitu eta pilula bat eta baso bat ur eman
dizkit". Berriro ere komisaldegian, etengabe zazpi edo zortzi
polizia zeudela beste galdeketa batzueri ekin diotela dio Elejaldek:
"Esku-ahurrez eskuineko belarrian jotzen naute, ukabilkadak
urdailean eta ostikoak oinetan. Noizean behin ziegara jeitsi eta
ordubete inguru egoten nintzen bertan, bulegora galdeketa gehiagorako
igotzen ninduten arte". Poliziaren aurreko aitortza ofiziozko
abokatu bat bertan dela egin duela adierazten du Elejaldek eta
"abokatuak poliziei esan diela ez duela sekula atxiloturik
ikusi hain egoera kaskarrean. Abokatuak aitortza sinatu eta orduz
gero ez naute gehiago jo".
Asteazkenean Eusko Legebiltzarreko Giza Eskubideen zuen Batzordeak
Espainiako Barne-Sailari sakabanaketaren aurkako neurriak eskatzea
erabaki, eta horretarako "presondegietan José Antonio
Ortega Lararen bahiketaren konponpide egokia ekarriko duten administrazio-neurriak
hartu ditzatela". Ostegunean Garraxi Isilak eta Elkarrik
Barne-Ministroari euskal presoak beren ohiko bizilekuetatik hurbil
dauden espetxeetara ekar ditzaten eskatzeko gutuna igorriko ziotela
jakinarazi zuten. Ardanzak berak, Euskal Autonomi Elkarteko lehendakariak
berak, "deitoragarri" iritzi zion Barne-Ministroak Gasteizko
Legebiltzarraren hurbilketa-plana onartzeari uko egin izanari.
Ostiralean EL CORREO ESPAÑOL, Bilboko egunkari espainolista
kontserbadoreak euskal presoak Euskal Herriaratzearen aldeko editoriala
argitaratu zuen.
Ostiralean ere, ETAk José Antonio Ortega Lara kartzela-funtzionari
espainiarra bahitu zuela 500 egun bete ziren. Marka hori ospatzen
zuten Erakundeen ekitaldien aldean, Amnistiaren Aldeko Batzordeak
jakinarazi zuen berrogehita hamar euskal hiritarrek 500 edo askoz
egun gehiago daramatzatela "bahituta" espainiar Estatuaren
espetxeetan. Espainiako presondegi-legeriaren arabera aske utzi
behar zituztenetik igarotako denbora zenbatzen du Amnistiaren
Aldeko Batzordeak. Gestorak adierazi zuen datua "lotsagarria
zela, bai egoera horretan dagoen jende kopuruagatik, bai bere
burua demokratikotzat duen eta legeria betetzen duela dioen gobernua
ari delako delitu larri hau egiten". Angel Erdozia Larraza
aipatu zuen kasu latzenaren adibide, izan ere, 1990eko urriaren
3an aske utzi behar baitzuten, hortaz, 2.431 egun daramatza aske
utziko duten zain. Beste hiru euskaldun 1992an utzi behar zituzten
libre, zazpi 1993an, bederatzi 1994an eta gainontzekoak, 50 arte,
1995an, Ortega Lara bahitu zuten urtean hain zuzen.
Ostiral horretan bertan jakin genuenez, euskal preso politikoek
bilera ofiziala eskatu zioten Nafarroako Parlamentuko Giza Eskubideen
Batzordeari, jasaten zuten eskubideen zapalketaren berri zuzenean
emateko. Behar bezalako tratamendua ematen ez zaien sei presoren
patologiak eta egoera klinikoa, presondegiko zerbitzuen eta politikarien
"arduragabekeria" eta haien osasunaren egoera larria
salatu eta Euskal Herrira ekartzeko eskatu zuen Euskal Presoen
Osasunaren Sorospen eta Babeserako Medikuen Elkarteak.
Zer erants dezaket azaldu dudan egoera ikusita? Onena Maiatzeko
Plazako Amek Iruñean sinatutako gutunaren azken lerroak
gogoratzea da: Ez da bakerik izango torturatzaileak eta hiltzaileak
zigorrik gabe gelditu eta unean uneko agintarien babesa duten
artean.
Galtzen den borroka bakarra bere horretan uzten dena delako.
PAUSO BAKAR BAT ERE EZ ATZERA!
Justo DE LA CUEVA
ASTEKO TXIMISTAK (EKAITZA HOBE ESANDA)
Iruzurraren ondoren legea. EGINek ostiralean, hilak 30, zekarren
azaleko titulu trinko eta biribila zen hori, Espainiako Diputatuen
Kongresuak egindako amarru zakar bezain argigarria zela eta: Itoizko
urtegiaren legez kanpoko egitasmoa "interes orokorrekoa"
dela erabakitzea alegia. Argigarria, espainiar Estatua Eskubidezko
Estatua dela dioenean gezurretan ari dela eta Justiziari iseka
egiten diola erakusten duelako. Astelehena 26an jakin genuenez
Itoizko urtegia eta Nafarroako ubidea "interes orokorreko"-tzat
jotzeko gobernuak aurkeztutako Lege-proiektuaren kontra bozkatzeko
eskatu zien GREENPEACEk Espainiako Kongresuko parlamentari guztiei.
Eskaera hori egiteko emandako arrazoia agerikoa zen: "Epaitegi
Gorenaren erabakian eragiten saiatzea da lege-proiektuaren asmo
bakarra". 1992an orduko PSOEren gobernuak Itoizko urtegia
interes orokorrekoa zela zioen Lehorteari buruz egindako Lege-dekretua
indargabetu egin zuen Entzutegi Naionalak 1995ek maiatzean emandako
epai batean eta urtegirako egitasmoa baliogabea eta legez kanpokoa
zela erabaki zuen. GREENPEACEen arabera: "Epaitegi Gorenarekiko
begirunea erakutsi beharko luke gobernuak, eta kasua legez ebatzi
arte itxaron, halako lege-proiekturik erabaki aurretik".
Asteartea 23an, uztailaren 2an Epaitegi Gorenak urtegiaren legezkotasunari
buruzko epaia emango duela iragarri zuen ITOIZKO KOORDINAKUNDEAk.
Eta Madril eta Iruñeko gobernuek informazio hori ezkutatu
dutela, eta aldi berean interes orokorrekotzat jotzeko izapide
berriak bizkortzen ari direla salatu zuen. Oso onuragarri iritzi
zion KOORDINAKUNDEAK Epaitegi Gorenak bere epaia urte batzuk lehenago
egiteari (1991eko helegiteak erabakitzen ari dira orain) eta aurrerapen
hori, Parlamentuan interes orokorrekotzat jotzeko izapideei ekin
zietela jakin eta bost egunetara egiteari.
Asteartean, hilak 29an, Itoizko urtegiko eta Nafarroako ubideko
lanak "Estatuarentzako interes orokorrekotzat" jotzen
duen lege-proiektua onartu zuen Diputatuen Kongresuak 324 aldeko
bozka, aurkakorik batere ez eta 22 abstentziorekin. Egipideak
zuzenean eta irakurketa bakarraren bidez egindako proiektua da,
zeharo ohi ez bezala egin zelarik Batzordeetako ohiko izapidea,
Epaitegi Gorenak epaia jakinarazi arte luzatzea sahiestearren.
Iruzurraren ondoren legea. Baina ez dago oso argi amarru horrek
arrakasta izango duen. Izan ere, Epaitegi Gorenak 1995ean Entzutegi
Nazionalak emandako epaia berretsi baitezake (legeetan adituek
besterik ezinezkoa dela diote) eta "gerora, aurka egindako
proiektuaren edukina onartzera mugatuko litzatekeen legezko baliozkotzea
sahiesteko" arrazoia ematen zuen Entzutegi Nazionalak besteak
beste. Adi egon. Horrelako iruzurren ondoren Espainiar Estatuak
bere burua Eskubidezko Estatu nola dei dezakeen miretsita, jakina.
Errauskailua derrigorrez. Astelehena 26an, Hondakin Solidoak Kudeatzeko
Plana onartuzuten Bizkaiko Batzar Nagusiek osoko bilkura monografikoan.
HB, IU, EA eta ICVk aurkako bozka eman zuten eta EAJ, PSE-EE eta
PPk aldekoa. Protesta egitera joan zen Erandio Bizirik taldekoak
aretotik aterarazi zituen Ertzaintzak. Zabor-errauskailua onartu
zuten hortaz. Ondorio txarrak ekarriko ditu kontu honek.
Kupoarentzako eta kontzertuarentzako baimena. Asteartean, hilak
27, Kuporako Batzorde Nahasia bildu zen Gasteizen espainiar Gobernuko
presidenteordea eta EAEko lehendakariordea buru zituela, Kupoa
eguneratzea eta Kontzertu Ekonomikoa eraberritzea berretsiz. Hilaren
30ean, ostirala, Kontzertu Ekonomikoaren eta euskal Kupoaren berriztapena
araupetzen duen lege-proiektua Gorteetara bidaltzea erabaki zuen
Espainiako gobernuak.
Unibertsitate berria Euskal Herrian: Arrasatekoa. Gasteizko Legebiltzarreko
osoko bilkurak Arrasateko Uniberstitatea aintzatesteko legea onartu
zuen maiatzaren 30ean. Mondragón Corporación Cooperativak
sustatu duen unibertsitate honek 13 titulazio ofizial eskainiko
ditu datorren ikasturtean.
AZKEN HAMARKADETAKO UHOLDERIK LARRIENA JASAN DU GIPUZKOAK. Ekainak 1eko goizaldean bota zuen euri jasa itzelen ondorioz urpean gelditu zen Gipuzkoako zati handia eta isolatuta utzi zuten Donostia hainbat ordutan zehar.
![]() |